Я – Archives
Not Really Strangers

Not Really Strangers

«Arrotz arrotza arrotza da bere buruarentzat» – Timothy Morton

«Not Really Strangers» pentsamendu ekologikoari, entzuteko ekintzari eta errepikapenari buruzko lan koreografikoa da.

«Not Really Strangers» lanak pentsamendu ekologikoaren berezko aukera-baldintzak ikertzen ditu, hizketaren errepikapenaren eta haren ahalmen esanezinen bidez. Hitzak, espazioan eta denboran, zabaldu egiten dira, eta gorputzek xurgatzen dituzte. Ez hitzek ez haien soinuek ez dute beren baitan esan nahi dutena adierazten duen ezer; geuk ematen dizkiegu esanahiak, entzuteko ekintzan, eta horregatik aurkitzen dugu geure burua izaki ireki gisa, geu garen arroztasunak baldintzatuta.

Entzuteko ekintzarako gonbitea «ni» bat (sendoa, iraunkorra, independentea eta bakarra) ez dagoela dioen ideian oinarritzen da, eta, aldi berean, geure burua besteen lekuan berriro kokatzera gonbidatzen gaitu, «arrotz arrotzen» lekuan. Bestea infinitua da.

Timothy Mortonen «arrotz arrotza» kontzeptutik abiatuta, lan honek gorputza ematen dio (gorpuzten du) soinuari eta haren entzute intimo eta zaurgarrienari, hitzen bidez. Lehenik eta behin, zaurgarriak gara, eta gero zaurgarritasun hori gainditzen dugu, behin-behinean bada ere, erresistentzia-ekintzen bidez. Ikerketa koreografiko honek entzutea gure zaurgarritasunak erakusten dituen erresistentzia-ekintza gisa ulertzea proposatzen du, boterearen aurrean nahita egindako agerraldi gisa. Judith Butlerren hitzetan esanda: entzuteko ekintza erresistentzia politiko gisa, gorputzaren ekintzaren bidez.

Inprobisazioa egokitzapena gehi kontzientzia da. Egokitzapena, ondo pentsatuta, bere buruari entzuten dion musika bezalakoa da. Kontzientzia-modu horrek etorkizuneko gizarte bat iragartzen du, zeinetan barnerakoitasunak eta pasibotasunak funtsezko zeregina izango luketen.

Pentsamendu ekologikoak badu zerbait kontenplatibotik. Beharbada etorkizuneko arte ekologikoak pasibotasunarekin eta ahultasunarekin izango du zerikusia, apaltasunarekin, eta ez harrokeriarekin. Elkarloturak distantzia eta diferentzia dakartza. Denboran eta espazioan.

«Zaintzak errepikapena eskatzen du» – Josep Maria Esquirol

«Untitled Listening Session» kontzertu formatuko soinu-egoera bat da: entzuleak etzanda daude eta «The Untitled Collection» bildumako hainbat soinu-lan entzuten dituzte, zuzenean nahastuta. Saio bakoitzak eraldatutako eremu-grabazio gordin batzuk biltzen ditu. Arreta pixka batez (ἐποχή) entzutea gomendatzen da, baina ez da guztiz beharrezkoa. Ez dago entzuteko modu bakarra.

Urtea
2021
Kredituak
Kontzeptua: Jone San Martín, Mikel R. Nieto, Yannis Adoniou
Mugimenduaren zuzendaritza: Yannis Adoniou, Jone San Martín, dantzariekin batera
Dantza: Jone San Martín, Yannis Adoniou, Tatiana Loverdou, Despoina Sanida Crezia eta gonbidatuak
Soinu-artista / entzunaldi-saioa: Mikel R. Nieto
Ekoizpen-zuzendaritza: Louisa Antoniou
Ekoizpena: KUNST STOFF / Yannis Adoniou
Laguntza: Space52 Athens, Centre for Dance and Arts Dansarte Patras, Dantzagunea eta Bobo Espazioa