Я – Archives
A Soft Hiss Of This World

A Soft Hiss Of This World

A Soft Hiss Of This World

«Φύσις δε kρύπτεσθαι φιλεΐ» – Heraklito

Liburu zuri bat eta flexi-disc garden bat.

A Soft Hiss of This World lanak desagerpenaz dihardu, alderdi askotatik: esaterako, Antropozenoaren ondorioz hizkuntza galtzeaz, ingurunean berez gertatzen diren zenbait egoera eta prozesuren absentziaren bidez, hala nola uraren, elurraren eta izotzaren egoera ezberdinena. Elurraren, izotzaren eta elur-maluten soinuak dira ikerketa-proiektu honen muina eta soinu-materiala.

Liburuak hiru testu biltzen ditu.

Tim Ingolden testuak irekitzen du liburua, eta ikerketaren gai nagusietara hurbiltzen du irakurlea: hizkuntza, paisaia, soinua eta entzumena. Irakurketa erraza da, eta Finlandiako paisaian eta haren soinuak eta isiltasunak entzutearen ekintzan murgildu nahi gaitu.

Carmen Pardoren testuak, lehenik, azaltzen du nola elurrari begiratzea eta hura entzutea desagerpen baten esperientzia bihurtzen diren, hutsean edo ezerezean kontzentratzearen esperientzia, zeinetan A Soft Hiss of This World lanak parte hartzen baitu. Bigarrenik, Roland Barthesekin elkarrizketan, elurraren egoera ezberdinak grabatzeak dakarren entzuketa mota jartzen du auzitan. Entzuketa horretatik abiatuta, azkenik, grabatzea denbora anitza dakarren esperientzia gisa proposatzen du, eta gogorarazten digu, izan ere, denbora-heterogeneotasun batean bizi garela beti.

Hirugarren testua Mikel R. Nietorena da, eta lau zatitan banatuta dago:

Lehen zatiak, «This is nothing» izenekoak, ikerketaren gako nagusiei buruzko Nietoren testuak eta gogoetak biltzen ditu: isiltasuna, entzumena, paisaia, hizkuntza, desagerpena eta absentzia, artxiboa, hiperobjektuak eta Antropozenoa.

Bigarren zatiak, «Diaries (2009 – 2019)» izenekoak, argazki-hautaketa bat eta ikerketako unerik nabarmenenak biltzen ditu, formatu labur, zuzen eta poetikoan, dagozkien leku eta datekin.

Hirugarren zatia kode bat da, eta ikerketan egindako soinu-grabazio gehienen galera islatzen du: 600 ordu grabazio baino gehiago. Kode hori da grabazio haietatik guztietatik berreskuratu ahal izan den gauza bakarra, formatu fisikoan argitaratutako soinu-grabazio bakarra alde batera utzita, flexi-disc garden gisa argitaratua.

Laugarren zatia John Cageren Lecture on Nothing lanaren hitz guztiak, banan-banan, isilarazteko emaitza da: puntuazio-ikurrak (komak, puntuak eta bereizleak) eta Cageren testuko azken esaldia baino ez dira geratzen.

Berreskuratutako grabazio bakarra formatu fisikoan argitaratu da, flexi-disc garden gisa. Jotzen den bakoitzean, orratzak poliki-poliki higatzen du biniloa bera, eta grabazioaren soinua desagerrarazten du. Entzunaldi bakoitzak, beraz, soinua suntsitzen du.